XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Neurriak betearazteko epeak

Neurriak betearazteko epeetan, hau da, ebazpenak indarra hartzen duenetik neurria betearazten den arteko epeetan, neurri motaren arabera desberdintasun handiak nabari dira. Lurraldeen arteko desberdintasunak ere handiak dira. Hautatutako espedienteen azterketa ikusita, Gipuzkoan dute arintasunik handiena.

Hala ere, komenigarria da epeek bi aldi dituztela jakitea. Lehenengo aldia ebazpena indarrean sartzen denetik betearazteko eskuduna den administrazioak horren berri izan arte zabaltzen da. Bigarrenak, ebazpenaren berri ematetik gauzatzea benetan hasi arteko denboraldia hartzen du. Lehenengo aldian berandutze gehiago eta luzeagoak izaten dira. Beste aldetik, kontuan hartu behar da atzerapena aurreko neurri bat bukatzeko beharraren ondorioa izan daitekela.

Nolanahi ere, eskuhartzeko epe osoei esparru honetan aplikatutako neurriek izan dezaketen hezkuntza helburua bermatzeko luzeegi irizten zaie.

7. ERAKUNDEEN ARTEKO KOORDINAZIOA ETA ELKARLANA

Aplikatutako neurrien azterketaren esparruan, gazteentzako justiziaren alorreko eskuhartzetan eragin zuzena edo zeharkakoa izan dezaketen zenbait gairen ondorioak ikusi dira.

Hezkuntza

Hezkuntzaren alorrean, profesional guztien arabera, alorrekoak barne, sistemak ez die ohiko curriculumera moldatzeko arazo larriak dituzten gazteei erantzun egokirik ematen, are gutxiago gatazkak sortzeko jokaera erakusten dutenei. LOGSEk ezarritako aldaketak baino lehen, hezkuntza konpentsatzaileko zentroetan aurkitzen zuten gazte horiek heziketa esparrua.

Gaur egun, zentro hauek, araututako hezkuntzatik kanpo arduratzen dira oraindik ere. Lanbide mundura hurbiltzeko zentroek ere laguntzen dute, gazteak sartzeko legezko adina bete baino lehen (16 urte) hartuz, ikasturtean zehar urteak egiten badituzte.

Dena den, modu honetan lortutako postuak ez dira nahikoa eta, batzuetan, benetako deseskolaratzea ere suertatzen da. Guztiek aukera berdinak izatea aldarrikatzen duen LOGSE legearen izpiritutik eta benetako beharretatik hurbilago dauden konponbideak lortu beharko lirateke.

Bestalde, barrualdi zentroetako heziketa gelak ez daude Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren aldetik homologatuta. Barruan dauden nerabeei hezkuntza eskubidea bermatzeko konponbidea bilatu beharra dago.